XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SARRERA

Haur guztien garapena bultzatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du Haur-Hezkuntzak.

Jadanik martxan den Hezkuntza-erreformak etapa horren hezkuntza-izaera onartzen du eta eskolak bertara heltzen den haur bakoitzaren ezintasunak antzeman eta konpentsatzeko orduan duen eginkizuna azpimarratzen; hortaz gain hazkuntza eta garapen pertsonala indartzen dituen aukera oparoak eskaintzeko leku pribilegiatua ere bada eskola.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten haurren ikuspuntutik begiratuta, eskola are garrantzitsuagoa da, dituzten eragozpenak konpentsatzeko, garapena egoki bultzatzeko eta gerora izan dezaketen hainbat premiari aurrea hartzeko anitz aukera eskaintzen baitie.

Izan ere, haurrak txikiak direnean somatzen dira bakoitzak dituen premiak, hortaz, garai horretan hasi behar dira esku-hartzeko eta laguntzako programak.

Honako lana burutzeko orduan lehentasuna eman diogu haur guzti-guztiek normalizatutako ingurune bateko partaide izan beharrari, hori horrela, ondokoa da kontuan izan dugun abiapuntua: gizarte-ingurunean integratzea ezinbestekoa dela neska-mutikoek euren gaitasunak ahal bait gehien garatzeko.

Ondoko dokumentu hau Curriculuma Eratzeko eta Irakasleen Prestakuntzarako Insititutuak (CEI-IDC) landu du, bertako Hezkuntza-Premia Berezien eta Haur-Hezkuntzaren arloak hain zuzen ere, hezkuntza-premia bereziei buruz aurretik plazaratu diren materialetan jorratutakoarekin jarraitzeko asmoz.

Honako honetan, hezkuntzako etapa guztietan aurki daitezkeen hezkuntza-premia bereziei buruzko orientabideak nolabait osatzeko, Haur-Hezkuntzako bigarren zikloa izango dugu aztergai, hots, haurrek 3 urte dutenetik 6 urte bete arterainoko epea.

Horrelako adin txikietan garapenak ezaugarri berezi batzuk dituela kontuan izanda eta adin horretako haur gehienak eskolatuta daudela aintzat hartuta, ziklo horretan gerta daitezkeen hezkuntza-premia berezien gainean propio egindako dokumentu bat, premia horiei erantzun egokiak emateko bidea erakutsiko duen dokumentu berezi bat izatea ezinbestekoa zela iruditu zaigu.

Haur-Hezkuntza haurrak bilakaera-prozesuan dauden etapa denez, bertan aurki daitezkeen hezkuntza-premia berezitariko asko aldi baterakoak dira